XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JOSE MARIA UZELAY
Busturiko Txirapozukoak izan ziran XVIII. mendearen azken aldera San Mames portzelana fabrika sortu eta aurrera eroan ebenak.

Staffordshire-ko jatorria eta antza baeuken be, Penintsulan egin ziran portzelanarik onenetarikoak ziran Busturiakoak.

Honegatik, Txirapozutarrak baeuken aspaldi aspalditik arteetarako joera eta Josemari Uzelay, 1903an Bermion jaio bazan be, Txirapozutarra zan amaren aldetik eta arte zaletasun giroan etorri zan mundura, gurasoegandik hainbeste portzelana, pintura lauki eta esku-izkribu zahar jaso ebazanez.

Gaur bertan, Txirapozun bizi da Uzelay eta han gordetzen ditu belaunaldiz jaso dituan arte ondasunak eta agiri zaharrak.

Josemari Uzelayren gurasoak inginiero karrera erakustea nahi eben, baina semeak gaztetxotatik erakutsi eban arteetarako joera.

Honegatik, gaztetxo zala eroan eben Txirapozura, uri handietatik urrinduaz arte zaletasunetik alde eragingo eutsen usteaz.

Baina, Busturiako Txirapozu bera, neoklasiko etxe handi eta ederra, arte-zale batentzat arte-pozu atsegina zan, bere grina edo joeretatik aldendu beharrean lehen baino gehiago pozuratzeko.

Eta, holako zerbait gertatu jakon Josemari Uzelayri be.

Ez zegoan barruan eroian arte garra itzaltzerik.

Ume umetatik arteetarako iratzartu zanak pizturik zeroian gar hori, urteak aurrera gurasoak ez eben euki beste erremediorik semea bere gogozko edo berezko bidean libre itxi baino.

Hogei urtegaz Paris-era joan zan, eta han, G. Urrutia eta J. Aranoa bizkaitarregaz batean, Pantxo Cossio-regaz lan-gela ber bera erabiliaz, han ihardun zan pintura ikasketetan.

Ondorean, bere lanean eten bagerik jarraitu dau eta frutu ugari emona da.